ZARAUTZEN
Pasa den apirilaren 29-30ean LH2ko ikasle eta irakasleak Zarauzko Igerain aterpetxean egin genuen egonaldia. Primeran pasatu genuen eta bizitako esperientzia ikaragarria zuekin partekatu nahi izan dugu.
Astelehenean iritsi eta Zumaiara joan ginen. Bertan, arrantzatzeko aparejuak egin ondoren bazkaldu genuen. Ostean, Flyschak ezagutu genituen eta guk egindako aparejuekin arrantzatzeko aukera izan genuen. Bukatzeko, bertako parke batean jolastu ginen.
Zarautzera itzuli ginen eta aterpetxeak duen eremu zabalean jolastu genuen. Urduritasunak baretzeko dutxa beroa hartu, afaldu, gau-belan dantza egin eta gure geletan lasai-lasai ipuinak kontatu eta entzun ondoren, lo geratu ginen.
Asteartean, gosaldu eta Getariara egin genuen ibilaldia. Inguruko mahastiak ezagutu genituen eta behin Getariara iritsita, Elkanoren bizitza azaldu ziguten, benetan zirraragarria! Hamaiketakoaren ostean, portura jaitsi ginen eta arrantzarekin lotutako jolasa egin genuen.
Ikusten duzuen bezala, ezin hobeto pasatu genuen eta gure diplomak hartuta, ikastolara itzuli ginen.