EUSKARAREN ERABILERA SUSTATZEKO GINKANA
Andramari Zornotzako ikastolako Gurasoen Euskara Taldeak herriko beste ikastetxeetako guraso elkarteekin elkarlanean, Zornotzako haur eta gazteentzako ginkana erraldoia prestatzen ari dira maiatzaren 17rako.
Maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren laugarren edizioaren programazioaren barruan ari dira antolatzen guraso taldeek ginkana hau, euskararen erabilera sustatu eta hizkuntza ohituretan eragitea helburu duen ekimenarekin bat eginez.
HH 4tik DBH 4rainoko ikasleei zuzenduta egongo da maiatzaren 17ko ginkana, parte hartzaileak taldean arituko dira eta herriko txoko ezberdinetan banatuko dira ikastetxe guztietako haur eta gazteak.
Larunbata goizez egingo da ginkana, bi ordu inguruko iraupena izango du eta bost gunetan banatua egongo da, gune bakoitzean bost froga gainditu beharko direlarik. Taldeka gainditu beharko dira frogak eta bai guneak zein taldeak adinaren arabera banatuko dira (HH 4-5, LH 1-2, LH 3-4, LH 5-6 eta DBH).
Hurrengo egun eta asteotan jasoko da ginkanari buruzko informazio gehigarria eta izen-emateko modua.
Guraso euskara taldea elkarlanean
Aurrez aipatu dugun modura, Andramari Zornotzako ikastolako gurasoen euskara taldea ari da buru-belarri ginkanaren antolaketan, herriko gainontzeko ikastetxeetako guraso elkarteekin batera. Iaz abiatu zen ikastetxeetako guraso taldeen arteko elkarlan hau Korrikaren bueltan eta aurten bigarren urratsa eman da Euskaraldiaren antolaketan aletxoa jarriz eta herriko kaleetan euskararen erabilera bultzatzeko asmoz. Elkarlan gune honi Goldatzen izena eman diote eta udalaren laguntzarekin ari dira ginkanaren antolaketan.






