Skip to main content

MAITE ZAITUT FESTA ERRALDOIA

Behin batean, maitatzen zekien herriari “maite zaitut” esaten irakatsi zioten Pirritx, Porrotx eta MariMotots pailazoek. Orain, ereserki bilakatutako abestiak hogei urte beteko dituenean, merezitako “maite zaitut” ozena eskaintzeko herri omenaldi bat antolatu dugu. 2025eko maiatzaren 3an izango da “festa erraldoia” Barakaldoko Bizkaia Arena – BEC! aretoan, eta 14.000 pertsona biltzea espero dugu.

 

Denok jakitun gara Pirritx, Porrotx eta MariMototsek, eta oro har, Katxiporreta osatzen duen komunitate zabalak, Euskal Herriari egin dion ekarpenaz. Ikastolen alde eta Ikastolen jaietan (Herri Urrats, Kilometroak, Nafarroa  Oinez,  Araba  Euskaraz,  Ibilaldia)  egin  duten  ekarpena  ere  goraipatzekoa  da.

Maitasunetik, irriaren bidez, oso gai delikatuak sakonki landuz, jendarte oso bat eraikitzeko oinarri eta zimenduak jarriz, mundu ikuskera bat landuz… orain, emandakoa jasotzea dagokie, Katxiporretako pailazoei “maite zaitut” ozen bat eskainiz, urteotan guztiotan egin duten ekarpena aitortuz eta eskertuz.

Helburua da Euskal Herri mailako omenaldi bat jostea, herri momentu bat, maila handiko ikuskizun hunkigarri zein dibertigarri batean. Ez da pailazo emanaldi bat izango, ez: kasu honetan, haiek izango dira omenduak. Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean eta Ane Labakaren gidoiarekin hamarnaka pailazo, musikari, abeslari, dantzari, antzerkigile, bertsolari, kirolari… igoko dira Bizkaia Arena – BEC! aretoko oholtzara.

Herri omenaldi hori aurrera eramateko Maite Zaitut kultur elkartea sortu dugu. Euskalgintza eta herrigintzako hainbat lagunez osaturiko irabazi asmorik gabeko elkartea, antolatzen ari garen ekitaldia bezala. Horregatik behar du sustapena “Maite Zaitut” omenaldiak. Irabazi asmorik gabeko emanaldi bat antolatze bidean, sarrerei ezarritako prezioa ahalik eta eskuragarriena izatea nahi dugu (15€ + 1€ kudeaketa gastuak).

Sarreren salmenta

Ikastolen Elkarteak bat egin du ekimenarekin. Eta zuei ere, Ikastolen Elkarteko eta euskalgintzako kide zareten horiei, ekimenarekin bat egira gonbidatzen zaituztegu!