
Poz handiz jaso dugu albistea: gure ikastolako ikasle-ohia den Miren Larreak 2026ko Max Saria irabazi du, Andereño antzezlanarekin. Lanak Familia, Haur eta Gazteentzako Ikuskizun Onenaren saria eskuratu du, estatuko arte eszenikoen aitortzarik garrantzitsuenetako batean.
Anita Maravillas konpainiak Portal 71 ekoiztetxearekin batera sortutako “Andereño” lanak publikoaren eta kritikaren aitortza jaso du.
Mirenek lehengo eta gaurko andereñoak izan zituen gogoan saria jasotzerakoan egindako hitzartzean: “Andereño kulturak gerraren aurrean duen botereaz mintzo zaigu, poesiak basakeriaren aurrean duen botereaz. Maistrak, inspiratu gintuzten andereñoak, beharrezkoak izan ziren. Eta, gaur egun, haiek eta haien borrokak ere hil edo bizikoak dira”
Andramari Zornotza Ikastolako komunitatearen izenean, zorionik beroenak helarazi nahi dizkiogu Mireni. Harro gaude bere ibilbidearen lekuko izateaz eta lortutako arrakasta ospatzeaz.
Zorionak, Miren, eta jarraitu ametsak eszenatokira eramaten! 🎭






