NON GOGOA: ABIATU GARA
Itsasargi bat, ikastolaren etorkizuneko urratsak gidatuko dituen itsasargi bat eraiki nahian gogoeta prozesua abiatu dugu aste honetan. “Non gogoa” prozesuaren emaitza hori izango baita: hurrengo urteetarako bideorri bat, ikastolak hartu behar duen norabidearen gaineko hausnarketa konpartitu bat, Andramari Zornotzako ikastolako komunitatearen “gogoa” islatuko duen helburu eta estrategien mapa bat.
Asteartean ikastolako guraso eta langile talde bat bildu ginen liburutegian itsasargiaren lehen harriak jartzen hasteko. Azken hamar urteotan ikastolak izandako mugarri garrantzitsuenak gogoratuz hasi genuen lehen saioa. Ondoren, bertan ginen guztion artean osatu genuen ikastolaren gaur egungo argazkia, ikastolaren indargune, ahulgune, aukera eta mehatxuak identifikatuz. AMIA (aukera, mehatxu, indargune eta ahulgune) analisi hau izango da etorkizuneko estrategia osatzeko oinarria.
Ariketaren lehen urratsa da, talde giro goxoan abiatu genuena. Hurrengo urratsetarako zuek ere gonbidatuta zaudete. Horretarako, garaiz zaudete izena emateko.
Hurrengo geltokia: apirilaren 9an. Animatu!