Skip to main content

NON GOGOA- AZKEN SAIO IREKIA

Otsailean abiatu genuen ikastolaren hurrengo lau urteetarako norabidea zehaztea helburu duen Non gogoa prozesua. Taldean ekin genion ikastolaren hurrengo urratsak gidatuko dituen itsasargia eraikitzeari eta taldean amaituko dugu prozesua, datorren asteartean, maiatzaren 28an, liburutegian egingo dugu laugarren saio irekian. 

Azken saio honetan parte hartzeko deia egin nahi dizuegu, bai aurreko saioetan parte hartu duzuen guztioi eta baita azken orduan zuen ekarpena egin nahi duzuenoi ere. Aurrekoetan bezala, asteartean egingo dugu saioa (maiatzaren 28an) arratsaldeko bostak eta zazpiak artean (17:00-19:00). Azken saio honetan aurreko prozesuan egindakoak borobilduko ditugu: 

  • Ikastolaren xedea eta hurrengo urteetarako bisioa onartu
  • Hautatu ditugun bost ildo estrategikoetako helburuak onartu
  • Hurrengo urteetarako proposatu diren lehentasunezko akzio eta ekintzak erabaki
  • Ikastolak bide guzti hori zein balioetan oinarrituko dituen ebatzi

Astearteko saioa prozesuan egindako lana ospatuz bukatu nahi genuke, gainera. Taldean egin dugun lana mokadutxo batekin bukatuko dugu. 

Nora goaz? 

Bost ildo estrategikotan antolatuko da, orain arte landu den proposamenaren arabera, hurrengo lau urteetarako norabidea eta horiek zehaztu eta ekintzetan zehazteko lanean ari gara. Hauexek dira hurrengo urteetan ikastolaren itsasargiak markatuko dizkigun ildo nagusiak: 

  • Euskara
  • Komunitatea
  • Aniztasuna
  • Hezkuntza eraldatzaile eta integrala
  • Iraunkortasuna

Parte hartzailea

Behin eta berriz adierazi izan dugun modura, garrantzitsua da etorkizuna modu kolektiboan irudikatzea eta horregatik partekatu ditugu saio irekiak eta batzordeak ikastolako komunitatea osatzen dugun kide ezberdinek: familiek eta langileek, nagusiki. Orain arte egindako saio irekietan, gora beherekin, baina 30 bat lagun aritu gara diagnosia egiten lehenik eta estrategia sortzen gero. Ikastolako langile taldearekin gainera, beste bi saio ere egin dira, diagnosi fasean bat eta estrategiei erantzuteko ekintzak proposatzeko bestea. Horrez gain, prozesu osoan zehar bederatzi laguneko talde eragile bat aritu da bidea zaintzen eta saioen arteko lanak egiten (bina artezkaritzakide, guraso, irakasle, zuzendaritzako kide eta komunikazio arduradunak osatu dute talde eragilea). 

Prozesua abiatzeko gainera, 143 familiek eta 146 ikaslek gogobetetze inkestak bete zituzten eta lantaldeak ere galdetegi bat bete zuen. Guzti hauek garrantzitsuak izan dira hasierako diagnosia osatzeko. 

Azken saioan parte hartzeko deia gogoratuz bukatu nahi genuke ohar hau. Animatu zaitezte ikastolaren etorkizuna gurekin irudikatzen!