NON GOGOA
Asteartean, maiatzaren 28an, bukatu genuen ‘Non gogoa’ prozesua, hurrengo lau urteetan ikastolak izango duen bideorria irudikatzeko balio izan digun gogoeta prozesu parte hartzailea. 2024 urtearen hasieratik abian izan dugun prozesuak bere helburuak bete ditu, plan estrategikoaren proposamena osatu baitugu bertan parte hartu dugun ikastolako komunitateko kideok.
‘Non gogoa’ prozesuak iraun duen hilabeteetan sei lansaio egin dira (horietatik lau irekiak eta beste bi langileek parte hartu duten klaustroak) eta talde eragileak lau bilera egin ditu. Guztira 70 lagun inguruk parte hartu dute prozesuko momentu batean edo bestean (tartean izan dira ikastolako guraso eta langileak).
Astearteko saioan prozesua amaitzeko 2024-2028 urteen artean indarrean izango den plan estrategikoaren oinarriak ebatzi dira. Hauek izan dira saioan onartutakoak:
- Ikastolaren xedea
- Ikastolaren hurrengo urteetarako bisioa
- Ildo eta helburu estrategikoak
- Helburu horiek lortzeko lagungarriak izango diren akzio eta proiektu proposamenak
- Hurrengo urtean plana burutzeko aintzat hartu beharreko balioak
Azken saio horretan onartutako proposamena Artezkaritza Kontseiluan eta Ohiko Batzar Nagusian aurkeztuko da eta udan azken lanketak egin ondoren, ikastolako komunitate osoari aurkeztuko zaio datorren ikasturtean, urrian.
Lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkizuegu prozesuan parte hartu duzuen guztioi. Denon parte hartzeari esker lortu dugu datozen urteetarako gidalerro izango ditugunak zehaztea.