OHIKO BATZAR NAGUSIA
Ekainaren 13an egingo da Andramari Zornotza Ikastola kooperatiba elkarteko 2024ko Ohiko Batzar Nagusia. Urtero modura, kooperatibaren bazkide guztiek osatzen duten Batzar Nagusia da ikastolari buruzko erabaki nagusiak hartzeko organoa.
Gaur bertan bidali zaie Batzar Nagusiaren deialdia bazkide guztiei. Aurtengo Batzar Nagusia Zelaieta zentroko auditoriumean egingo da, ekainaren 13an arratsaldeko seietatik (18:00etatik) aurrera, bigarren deialdian hasten baldin bada batzarra. Bertaratu ezin duen bazkiderik bada, deialdiarekin batera dagoen ordezkaritza-idatzia bete dezake beste bazkideren bati norberaren botoa emateko.
Batzarrean, 2023 urteko diru-kontuak aurkezteaz gain, 2024 urteko aurrekontua onartzea proposatuko du Artezkaritza Kontseiluak. Ikasturte honetako gestioaren balorazioa ere aurkeztuko da batzarrean eta hurrengo ikasturterako helburuak ere aurreratuko dira, ‘Non Gogoa’ prozesuan eraiki den plan estrategikoaren ildo estrategiko berrien baitan. Era berean, 2024/25 ikasturterako kuotak onartzeko proposamena ere aurkeztuko da.
Artezkaritza Kontseiluan egongo diren bi kideren bajak ordezkatzeko hautagaiak aurkezteko deia egin du kontseiluak. Izan ere, baja biak aintzat hartuta, beharrezkoa baita kide bat gutxienez batzea Artezkaritza Kontseilura (kide bat eta bost artean sartu ahal izango dira batzordean).
Urteko batzarra beste bi gai lantzeko ere baliatuko da: ikastolako lantaldearen behin-betiko egitura aurkezteko, batetik, eta matrikulazio datuak aurkeztu eta arlo honetan hurrengo urteetarako dauden erronkak eta estrategien inguruan aritzeko, bestetik.
Ondokoa da Ohiko Batzar Nagusiko deialdia:
OHIKO BATZAR NAGUSIRAKO DEIALDIA
Gure kooperatibaren Estatutuetan (34.art.) ezarritakoaren arabera, Artezkaritza Kontseiluak Andramari Zornotzako Ikastola Koop. E.-ren Ohiko Batzar Nagusirako dei egiten du. Batzarra 2024ko ekainaren 13an, osteguna, egingo da. Lehenengo deialdia 17:30ean da eta bigarren deialdia 18:00etan, Zornotzako Zelaieta zentroko auditorioan.
→ GAI ORDENA:
- Lehendakariaren agurra.
- Aurreko aktaren onarpen txostena irakurtzea.
- Batzarreko akta onartzeko bi bazkide izendatzea.
- 2023. urteko egoera-balantzea onartzea.
- 2023. urteko ekitaldiko emaitza eta 2024. urteko aurrekontua onartzea.
- 2024-2025 ikasturteko kuotak onartzea.
- Behin betiko egitura onartzea
- Artezkaritza Kontseiluko altak eta bajak
- 2023-2024 ikasturteko kudeaketa.
- 2024-2025 ikasturteko helburu nagusiak.
- Matrikulazioa.
- Galde-eskaerak.
Ismene Larringan Zarate
Andramari Zornotzako Ikastolako LEHENDAKARIA
Zornotzan, 2024ko maiatzaren 30ean