PALESTINAR HERRIAREKIN ELKARTASUN EKINTZA
Palestina-Euskal Herria elkartasun komitearen Zornotzako lantaldea ekainaren 22an herriko plazan egingo den ekimen bat prestatzen ari da eta horretarako laguntza eskatu diote ikastolari. Etxean ditugun umeen zapata eta zapatila zaharrak ikastolako sarreran jarriko diren kutxatan uzteko deia egin du elkartasun komiteak, ekainaren 22an zapata horiekin plaza bete ahal izateko. Era berean, etxeetako lehio eta balkoietan Palestinako banderak jartzeko deia ere egin dute, hurrengo egunetan banatuko dituzte banderak horretarako.
Hauxe da, hitzez hitz, elkartasun lantaldetik bidali diguten deialdia:
Dakizuenez, Palestinan milaka haur hiltzen ari da Israel. Milaka etxebizitza suntsitu ditu eta milaka haur umezurtz utzi. Ezinezkoa da ziur jakitea, baina tokiko osasun-agintarien arabera, azken lau hilabeteetan gutxienez 15.000 haur hil dituzte Palestinan. Horrez gain, 32.000 Palestinar hil dituzte eta 80.000 pertsona baino gehiago larriki zauritu. Zifra hori handituz doa igarotzen den egun bakoitzeko, gure begien aurrean.
Bidegabekeria hau ez da geldituko gure ahotsak altxatzen ez ditugun heinean. Herriak bakarrik salba dezake herria, horregatik, datozen asteetan Palestinako herriarekiko elkartasun mugimenduek, gure herrian zein herritik kanpo egingo dituzten ekimenetan parte hartzera animatzen zaituztegu. Horien artean, Zornotzan, Palestina-Euskal Herria Elkartasun komiteak, ekintza bat aurrera eraman nahi du, eta, horretarako, gure laguntza eskatu digute. Beraz, etxean dauzkazuen umeen zapatila zaharrak ikastolara ekartzera animatzen zaituztegu (horretarako kutxa batzuk ipiniko ditugu ikastetxeetan, tartean ikastolan). Horrela, Ekainaren 22an gure herriko plaza zapataz beteko dugu, eta, injustizia larri hau salatzearekin batera, ume guzti hauekiko elkartasuna erakutsiko diogu anai dugun herri Palestinarrari.
Azkenik ere, datozen egunetan ikastola kanpoan banatuko ditugun Palestinako banderak zuen leiho eta balkoietan ipintzera gonbidatu nahi zaituztegu elkartasun keinu gisa.
Palestina-Euskal Herria Elkartasun Komiteak