Skip to main content

PIZTU JAKINMINA TOPAKETAK

Asteon egin dira Gasteizen Euskal Herriko Ikastolen elkarteak antolatutako Piztu Jakinmina topaketak. Jardunaldi hauen helburua ikastoletan dauden esperientzia aurreratu eta arrakastatsuak aurkeztu eta partekatzea izan da, elkarrengandik ikasi eta esperientzia hauek elkartrukatu ahal izateko. 

Europa Biltzar Aretoan egindako topaketak bi egunetan egin dira, maiatzaren 6 eta 7an. Asteartean Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako esperientziak izan dira aztergai eta asteazkenean Bigarren Hezkuntzakoak. Aurtengo esperientziak pertsona-ereduaren bi bereizgarrirekin (barne sendotasuna duena eta erabakitzaile-ekintzailea) lotutakoak izan dira. Horrekin batera, Ikastolen Elkartea garatzen ari den tutoretza plan integralaren oinarriak ere aurkeztu dira.

Andramari Zornotzako ikastolatik aurkeztu dugu barne sendotasuna lantzeko esperientziatako bat. Mirene Peña LHko irakasleak eta Saioa Badiola zuzendari pedagogikoak aurkeztu dute gure ikastolaren esperientzia. Hezkuntza emozionala eta meditazioa lehen hezkuntzan integratzen izenburuarekin, Andramari ikastolan azken urteotan egin dugun ibilbidea aurkeztu dute Mirene eta Saioak. LHko ziklo ezberdinetan hezkuntza emozionala nola lantzen den eta meditazioa tresna gisa nola erabiltzen den azaldu dute ikastolako bi kideek. Beste ikastola batzuetan egiten ari diren esperientziekin batera, ibilbide eredugarria izan daiteke ikastolarena. 

Ondorengo bideoan, meditazio saioek ikasleen artean nolako harrera izan duten eta zer inpaktu lortu duen azaldu du Mirenek.

Topaketen lehen egunean Lautada, Arizmendi, Tafalla, Paz de Ziganda eta Jakintza ikastolakoak izan ziren Zornotzako ikastolakoarekin batera aurkeztutako esperientziak, Euskal Herri osoko ikastolen aurrean. Bigarren Hezkuntzako esperientziak, berriz, Uzturpe, Anoeta, Aratz, San Nikolas, Elgoibar eta Haurtzaro ikastolen eskutik ezagutu genituen. 

Bi egunetan jasotako informazio eta ideiak oso baliagarriak izango zaizkigu etorkizunean hezkuntza emozional eta pertsonen garapenaren arloan ditugun erronkei segida emateko.