Skip to main content

“Ukitzeko Artea” Arte Ederren Bilboko Museoak sortutako erakusketa ibiltaria ikastolan ekainaren 16tik 20ra.

"UKITZEKO ARTEA" ERAKUSKETA

Zer da "Ukitzeko Artea"?

“Ukitzeko Artea” Arte Ederren Bilboko Museoak sortutako erakusketa ibiltaria da, eta artea eta kultura ikusmen-premia bereziak dituzten pertsonengana hurbiltzea du helburu nagusi. Erakusketako artelanak bereziki diseinatuta daude ukimenez esperimentatzeko, ikusmenaren ohiko esperientziaz harago joanez.

Artea beste zentzumen batzuen bidez bizitzeko  aukera emateaz gain, gure gazteengan aniztasun funtzionalarekiko sentsibilizazioa eta errespetua sustatzeko balio du ekimenak. Museoko hezitzaile espezializatuek gidatzen dute jarduera, eta laguntza-material osagarriz hornituta dago.

Zer egingo dute ikasleek?

Erakusketa datorren astean egongon da ikusgai ikastolako liburutegian, astelehenetik ostegunera (ekainaren 16tik 19ra). Egun horietan zehar, LH6tik DBH3ra bitarteko ikasleek bisita gidatuak egingo dituzte taldeka. Saioak ordu batekoak (gutxi gora behera) izango dira, eta Arte Ederren Museoko hezitzaile espezializatu batek gidatuko ditu.

Ikasleek artelanak ukitu, sentitu eta horien inguruan hausnartzeko aukera izango dute. Esperientzia aberasgarri horrek artea modu inklusiboan bizitzeko aukera emango die.

Familientzako erakusketa irekia

Erakusketaz familiek ere gozatzeko aukera izango dute:

📅 Eguna: Ostirala, ekainaren 20a
🕐 Ordua: 13:00etatik 15:00etara
📍 Lekua: Ikastolako liburutegia

Zinez gomendatzen dizuegu bisita egitea, zuen seme-alabek biziko duten esperientzia bertatik bertara ezagutzeko eta artea beste modu batera sentitzeko aukera izateko.

Eskerrik asko zuen arretagatik!