ZERGATIK IKASTOLA?
OINARRIZKO PRINTZIPIOAK
1. Unibertsala
Euskal herritarorori hezkuntza eskubidea bermatuko diona. Bazterketarik gabea arrazoi ekonomiko, politiko edo sozialengatik, nahiz jatorriari edo sexuari lotutako edozein ezaugarrirengatik.
2. Euskara eta euskal kultura ardatz dituena
Benetako murgiltze eredua gauzatuko duena, oraingo Hizkuntza-ereduek ezartzen dituzten desberdintasunak gaindituta. Ikasle guztiei bermatuko diena euskaraz osotasunean bizi ahal izateko maila, duten abiapuntua dutela, eta bizi diren errealitate soziolinguistikoan bizi direla.
3. Euskal Curriculumetik eraikia
Oso-osorik, bertatik bertara eraikitako curriculumean oinarrituko dena. Konpetentzien garapenerako ikasgai zerrenda, metodologia eta mundu-ikuskera propioarekin. Ebaluazio sistema hezitzailea eta hobekuntzara bideratua.
4. Euskal Herria bere osotasunean landuko duena
Dagokion lurralde bakoitzeko errealitateak kontuan izanik, osotasun batetik abiatuko dena, errealitate guztien aniztasunari zentzu komuna emango diona. Euskal Herriaren lurralde osoak eragingo diona, eta Euskal Herriko hezkuntza-sistemetako ikastetxeen arteko lankidetza-hitzarmenak bultzatuko dituena.
HEZKUNTZAK LANDU BEHARREKO BALOREAK
5. Hezkidetzan oinarritua
Pertsonen arteko berdintasuna bermatu eta sustatuko duena. Ikasleei tresnak eskainiko dizkiena beren bizitza proiektua aukeratzeko askatasunetik eta aukera-aniztasunetik, generobaldintzatzailerik gabe, besteak beste kultura, erlijio, gizarte-klase, egoera funtzional eta sexu orientazio bakoitzaren esparruetan.
6. Laikotasunean heziko duena
Sinesmen askatasuna bermatzeko, erlijioak, fede gisa, curriculumetik kanpora utziko dituena, ez bada jakintzaren begirada zientifiko hutsez ekiteko.
7. Ikasleak bere egiten dituen ezaugarrietatik pentsatua
Ikasleak, euren ikas ibilbidea amaitutakoan, ezaugarri hauek izatera bideratuko dituena: Euskaldun konprometitu eta eleaniztunak; beren buruekiko konfiantzadunak; lankidetzan ikaskideak; erabaki hartzaile kritikoak; ekintzaile gogoetatsuak; jokabide etikodunak; sortzaileak; ikusmira zientifikodunak; orekaren zaintzaileak.
8. Inklusiboa
Euskal Herrira etortzen direnen jatorrizko izaera errespetatuta, euskal herritar izateko baliabideak eskainiko dizkiena, eta, aldi berean, euren ekarpenak aberastasun gisa ulertuko dituena. Jatorri askotariko ikasleak modu orekatuan eskolaratuko dituena, euren beharrak erdigunean jarrita.
HEZKUNTZAREN ANTOLAKETAZ
9. Gobernantza demokratikotik antolatua
Hezkuntza komunitateko kide diren guztien erantzukizun partekatutik bideratua. Ikasle, guraso nahiz langileen hezkuntza prozesuari dagozkion erabaki komunetan eta erantzukizunen banaketan oinarritua.
10. Ikastetxeei autonomia aitortuko diena
Tokian tokiko hezkuntza komunitate bakoitzak bere proiektua eraginkortasunez garatu ahal izateko, ikastetxe bakoitzari lanean ari den errealitatean eragiteko baliabide materialak ziurtatuko dizkiona, eta gardentasunez eta autonomiaz giza baliabideak zein materialak kudeatzeko eskumena aitortuko diona.
11. Publiko-herritar eredutik sortua
Euskal gizartearen izaera parte-hartzaile eta kolektiboan oinarritua, publikotasun eredu berria eraikiko duena, titulartasunari baino, publiko-herritar harremanari kasu egingo diona. Irabazi asmorik gabeko herri proiektuak, gizarte ekonomian kokatuak, hezkuntzaren arloan ongizate-estatuaren oinarrizko helburuekin bat egiten dutenak, sistema publikoaren partetzat hartuko dituena.