KiVa

2016tik aurrera, Andramari Zornotzako Ikastolak KiVa izeneko programa bat aplikatzen du eskola-jazarpenari (bullying edo berdinen arteko jazarpena ere esaten zaio) aurre egiteko. Finlandiako Turku Unibertsitateak sortu eta garatutako programa bat da, herrialde horretako Hezkuntza Ministerioak finantzatua, eta gurean Ikastolen Elkarteak garatzen duena.

KIVA programak jazarpenean artez edo moldez parte hartzen duten kide guztiak hartzen ditu kontuan: jazarleak eta biktimak, baina baita irakasleak, gurasoak eta, batez ere, taldeko gainerako ikasleak ere, pentsatuz egoera hori galarazteko zeregin garrantzitsua dutela.

KIVAk funtsezko bi alderdi ditu: alde batetik, prebentzioa, programaren helburu nagusia delako jazarpenari aurre hartzea eta halakoak murriztea. Horretarako, mailaren arabera egituratutako jarduera batzuk proposatzen ditu ikastolak hartzen duen hezkuntza-aldi osoan zehar: jolasak, hitzaldiak, eztabaidak, rol-jokoak, bideoak…

Beste alde batetik, berriz, gerta daitezkeen eskola-jazarpeneko kasuei heltzen die programak. Horretarako (eta, oro har, gai honekin zerikusia duen guztia koordinatzeko), “Kiva talde” bat dago ikastolan, etapa bakoitzeko irakasle batek eta hezkuntza-psikologoak osatua.

BULLYINGA

Olweus-ek (1993), fenomenoaren ikertzaile nagusietako batek, honela definitzen du berdinen arteko jazarpena: “ikaslea erasotua da edo biktima bihurtzen da, beste ikasle batek edo batzuek haren kontrako ekintza negatiboak egiten badituzte, behin eta berriz eta denbora-tarte batean”.

Definizio horrek berdinen arteko jazarpenaren elementu garrantzitsuenei buruzko arrastoak ematen dizkigu: 1) ekintzak denboran errepikatzen dira; 2) erasotzailea gertakariaz jabetzen da, nahita egiten du; 3) biktima defentsarik gabe dago erasoaren aurrean, ez dauka babestuko duen ingurunerik; eta 4) jazarpenak ondorio larriak eragiten dizkie inplikatutako guztiei.

Horrela, bada, ez dira nahastu behar eskola-jazarpena eta bizikidetza nahasten duten bestelako egoerak (borrokak, txantxak, noizbehinkako liskarrak, eskola-bandalismoa, banden arteko liskarrak, gatazkak, diziplinarik eza, disrupzioa edo interes akademikorik eza edota antzerako jokabideak ere, eskola-bizikidetzan eta ikasketetan arazoak eragiten badituzte ere.