IKASTOLEN 7. BATZARRA
Andramari Zornotzako ikastolan “non gogoa” prozesuarekin hasitako gogoetarekin batera, ikastolen mugimendua ere hausnarketa prozesuan murgildu da. Duela 15 urte egin zuen Ikastolen mugimenduak bere 6. batzarra eta azken urteetan pandemiaren eraginez (besteak beste) atzeratuz joan den gogoeta hurrengo hilabeteetan egingo da.
Batzarraren helburua izango da hurrengo 8-10 urteetarako ikastolen mugimenduaren estrategiak finkatzea. Horretarako ekainaren 22an Iruñean egingo den Batzarrarekin amaituko den prozesua martxan dago jadanik.
Joan den otsailaren 26an Pasaian egindako prentsaurrekoan aurkeztu zen prozesua (bertan egon zen Zornotzako ikastolako ordezkaritza ere) eta eskualde bileretan aurkezten ari dira Batzarrean eztabaidagai izango diren hiru txostenak (Durangon astelehenean egindako aurkezpenean parte hartu genuen).
Batzarrean eztabaidagai izango diren hiru txostenetan azken urteetako ibilbidearen balorazioa, egungo momentuaren irakurketa eta etorkizunerako lan-ildoak eta estrategiak proposatzen dira. Hauek dira txostenak (txostenak ikusteko, ikastolako email eta erabiltzaileak beharko dituzue):
- Nondik gatoz (6. Batzarretik orain arte ikastolen mugimenduak egindako ibilbidearen balorazioa)
- Non gaude (gaur egungo egoeraren argazkia)
- Nora goaz (hurrengo urteetarako proposatzen diren lan-ildo eta estrategiak)
Ikastoletan eztabaida prozesua zabalik dago eta ekarpenak egiteko aukera ere bai. Momentuz hiru txostenak helarazten dizuegu eta hurrengo asteotan joango gara gure ikastolan ekarpenak egin eta eztabaidatzeko proposatzen dugun prozedura aurkezten.
Batzarrari buruzko informazio guztia (txostenen aurkezpen bideoak, prozesuaren azalpena,…) 7. Batzarreko webgunean aurkituko duzue.