Skip to main content

GOGOETA ESTRATEGIKOA

Abenduan egindako Ez-Ohiko Batzar Orokorrean azaldu genuen modura, otsailean bertan abiatuko dugu Andramari Zornotzako ikastolaren gaineko gogoeta estrategikoa. Urtarrilean zehar komunitateko kolektibo ezberdinetan egindako inkestak amaituta, otsailean ekingo diogu hurrengo urteetarako plan estrategikoa osatzea helburu duen hausnarketari. 

 

> Talde eragilea

Lehendabizi gogoeta osoa gidatuko duen talde eragilea osatuko dugu. Talde eragilerako Artezkaritza Batzordetik eta zuzendaritza taldetik bina lagun izendatu dira jadanik. Gurasoen eta langileen aldetik boluntarioak nahiko genituzke baita ere, zortzi lagun inguruko talde eragilea martxan jartzeko. Talde eragile honek hilean behin egingo du bilera, gutxi gora behera, otsailetik ekainera. 

Taldean parte hartzeko interesa duzuenok bidali mezu bat zuzendaria@zornotzaikastola.eus helbidera datorren asteartea (otsailak 6) baino lehen.  

 

> Saio irekien egutegia  

Bestetik, abenduko aurkezpenean azaldu eta urtarrilaren 8an Alexia bidez bidali genuen informazioan zehaztu genuen moduan, martxoa eta maiatza artean hausnarketarako lau saio ireki egingo ditugu. Lau saio hauetan gonbidatuta gaude ikastolako guraso eta langile guztiak, nahi duenak bere ekarpenak egin ahal izateko hurrengo urteetarako plan estrategikoaren definizioan. Saio hauek erraztaile batzuek dinamizatuak izango dira eta urratsez urrats datozen urteetarako ikastolaren estrategiak zehaztuko ditugu.  

Saio hauetan parte hartzeko gonbitea eta galdetegia aurrerago zabalduko dugu, baina momentuz agendan gordetzeko egunak jakinarazi nahi dizkizuegu. Ondokoak izango dira: 

  • Martxoak 5, asteartea
  • Apirilak 9, asteartea
  • Apirilak 23, asteartea
  • Maiatzak 28, asteartea. 

Saio guztiak arratsaldez egingo dira, 17.00 eta 19.00 artean. 

 

> Asebetetze galdetegiak aztertzen

Azkenik, urtarrilean egin ditugun galdetegien emaitzak aztertzen ari garela jakinarazi nahi dizuegu. Datozen asteotan galdetegien emaitzetatik ondorioak ateratzen eta gogoetarako materiala prestatzen arituko gara.

 Hiru galdetegi egin ditugu eta emaitza oparoa jaso dugu, bai kopuru aldetik eta baita eduki aldetik ere. Galdetegiari erantzun diozuen guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu, oso informazio baliagarria jasotzen ari baikara erantzunetatik. 

Guztira 143 familiek erantzun diozue galdetegiari. LH 6, DBH 2 eta DBH 4 ikas-mailetan egindako galdeketa 146 ikaslek bete dute. Langileen artean egindako galdeketa, berriz, lantaldearen %89ak erantzun du. 

Oso abiapuntu ona da hurrengo hilabeteotan dugun gogoeta-aldirako. Eskerrik asko eta animo!