HEZIKETA EMOZIONALA LANTZEN
Aste honetan eta hurrengoan LH 3-6 arteko ikasleak osasun hezkuntzan eta drogomenpekotasunaren prebentzioan adituak diren Sasoia enpresako psikologo eta hezitzaileekin hartu-emanean ibiliko dira, bizitzaren eta fenomeno honen hainbat alderdi landuz. Tailer dinamiko eta parte hartzaile horiek ikasle eta pertsona moduan aberasten lagunduko dituztela sinesten dugu Ikastolan, gure ikasleak bere osotasunean hartuz.
LH 3-4ko ikasleek, adibidez, heziketa emozionala babes faktore pertsonal gisa landuko dute, eta euren garapen pertsonalean lagunduko dioten hainbat estrategia aztertuko dituzte.
LH 5en, ildo beretik, teknologia digitalen arriskuak ikertuko eta ezagutuko dituzte, hezkuntza emozionala eta elkarbizitza ardatz izanda eta enpatia eta talde kohesioa ikutuz.
Azkenik, LH 6ko gure gaztetxoak aldaketarako prestatzen laguntzeko esku-hartzeak eramango dira aurrera. Ume izatetik nerabe izaterako trantsizioak eta etapa aldaketak dakartzan ziurgabetasunak ulertarazten saiatuko dira gurean arituko diren profesionalak.